gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2018ko urriak 20, larunbata

Museoaren argitalpenak

 

PortadaUNSAIN, J.Mª: "Estropadak. Carteles de regatas de traineras", Donostia-San Sebastián, 2005 [9 €]

 

 

 

ARRAUN TRADIZIONALARI BURUZKO IRUDIAK

Traineru estropadak ikuskizuna edo kirola baino gehiago dira. Baieztapen hori, bertako nahiz nazioarteko kirol modalitate askori aplika dakiokeen topikoa dirudiena, inor gutxik eztabaidatuko luke gure geografia eremuko arraunketa tradizionalari buruz. Urtea joan eta urtea etorri, Kantauri aldean estropaden inguruan pizten den ikusmina eta gogo beroa, neurri batean bederen, herritar eta herri askoren baitako oroimen substratu bati eta itsasoaren gaineko irudikapenari zor zaizkie. Itsasoarekin oso lotura estua duen gizarte bateko kide izatearen kontzientzia lauso bat adierazten da modu sinbolikoan arraun tradizionalean. Sari hau edo hura irabazteko borrokatik harantz, arrauneko norgehiagokak halako kutsu magiko bat dauka, zehaztugabeko hainbat osagai nahasik ematen diotena, tartean direla balearen harrapaketa, baxurako arrantza eta itsasoarekin egin beharreko borroka gogor, inoiz epikoa.

Dokumentazio historikoak euskarri ematen die horrelako eraikuntza mental batzuei. Antzinako kontua da balea harrapatzera zihoazen txalupak elkarrekin lehian ibiltzen zirela zetazeo handia zegoen tokiraino lehenbizi nor iritsiko, balea zauritzen zuen lehen txalupari parte handiena zegokiolako eta, gainera, balea harrapatzen, garraiatzen eta zatitzen lagunduko zioten txalupak aukeratzeko eskubidea zeukalako.

Itsasbazterreko arrantzan, indarrez arraun egitea oso lagungarria zen bokarta edo sardina sardetara agudo iritsi eta sareak lehenbailehen botatzeko. Abiadura beharrezkoa zen, gainera, arraina ahalik egoera onenean irits zedin portura, eta enkantean prezio onak lortzeko. Galerna zetorrenean ere, edo ihes egiteko edo onik ateratzeko, arrauna zen, noski, erabili beharreko tresna.

Traineru estropaden inguruan sortutako irudimen eraikuntzan ez da sartzen, ordea, belaontziak portura atoian eramaten ibiltzen ziren txalupen artean izan ohi zen arraun lehia gogorra. Vicente Tofiñok esaten du – Derrotero por las Costas de España (1798)– Donostiako eta Pasaiako portuetan zerbitzu hori eskatzen zuen itsasontzira lehenbizi iristen zen ontzia arduratzen zela atoian eramateaz. Haren kapitainak onartu edo baztertuko zituen gainerako ontziak, eta, onenean ere, lehenengoak baino sari txikiagoa jasoko zuten.

Emakumeen arraun jardueraren oroitzapena ere ez dirudi aintzat hartua denik hain gizonezkoena den traineru estropaden munduan. Emakumeek arraunean egin izan zuten arren, eta ez bakarrik bazter batetik besterako bidaiak egiten –garai batzuetan ontziak atoian eramaten eta zamak garraiatzen ere ibili baitziren–, jakingarria da zer-nolako oroipena utzi zioten Leonardo del Castillo idazleari Pasaiako batelzainek 1660an. Felipe IV.ak Pasaian egindako egonaldia deskribatzerakoan, aipatzen zuen batelzainak gizasemeen pareko zirela “trebetasunez eta indarrez”, eta jasota utzi zuen elkarrekin norgehiagokan ibiltzen ziren lehiaketa moduko bat, “beren besoen kaltetan erosiz arraunean garaipena alfer-alferrik lortzea”. Kronistak destainazko beste iruzkin bat egiten zuen bukatzeko: “Ez da gauza berria munduan, nekea harrotzeko motibo bihurtzea”1.

Traineru estropadak hain errotuta egotea eta hainbesteko zaletasuna piztea, jakina, estropaden edertasunari berari –itsasoan eginez gero, bereziki– eta hainbesteko indarra eta kemena agertzeari zor zaio. Baina, neurri batean behintzat, beste osagai bat ere badu, Kantauri aldeko komunitateek itsasoarekin izan duten ideia historiko baino mitikoago baten sublimazioa, alegia. Garaiaren eta tokiaren araberako gorabeherekin bada ere, uste idealizatu eta sinboliko hori beti egongo da kirol hori egiten dutenen eta ikustera biltzen direnengan.

Traineru estropadak gure itsas kulturaren adierazpen nagusietako bat dira, zalantzarik gabe. Halere, arraun zaletasunaren indar izugarriak, bere onean, ondorio murriztaile batzuk ekarri zituen, eta, aukeran, saihestu balira hobe. Arraun tradizionalak itsasoarekiko loturaren eta itsas kirolaren erreferentzia beretzat zurrupatu eta protagonismo guztia bereganatu izanak asko murriztu zien aukera sustrai historikoak dituzten beste itsas jarduera batzuei, haiek ere itsas kirolaren eremuan bizirauteko edo luzapena izateko.

Hala, ahantzirik arrantza ontzi tradizionalak propultsio mistokoak zirela –arraunez eta belaz mugitzen zirela, alegia–, eta kasuan kasu sistema bat edo bestea nagusitzen zela, bela nabigazioa klub nautikoetako mundu elitistara mugatuta geratu zen. Izan ziren belaontzi tradizionalekin edo arraunez nahiz belaz ibiltzekoekin estropadak antolatzeko saioak, baina ez zuten indarrik hartu. Horrelako lehiaketen inguruan eta zergatik galdu ziren jakiteko azterketa historikorik egin ez denez, lotura gabeko datu batzuk emango ditut. Donostian bela hutsezko arrantza batelen arteko estropadak egin ziren 1880-81 urteetan2. Urte haietan, Nerbioi ibaiaren ahoan bela eta arrauneko estropadak egiten ziren bi aukerak zituzten arrantza txalupekin eta atoian erabiltzekoekin3. 1901ean Santoñan hiru modalitate hauetako estropadak egin ziren: “yateak belan”, “traineruak” eta “alturako ontziak belan”4. Mende horren bigarren hamarkadan ere “kaletarako” txalupen arteko estropadak egiten ziren; txalupa haien propultsio sistema bakarra arrauna zen, halere5.

Lámina homenaje
Ondarroari 1890eko estropada ospetsua irabazi zion Donostiako traineruaren omenezko lamina. Untzi Museoaren bilduma.

Lehen irudikapen grafikoak. XIX. mendea

Arraun tradizionaleko lehiaketen irudi zaharrena, dakigularik, Donostian inprimatutako litografia bat da, Fidel Mujikak XIX. mendearen erdialdean egina. Traineru estropada bat Kontxako badian erakusten duen obra hori, argi eta garbi dago oinarrituta Napoleon III.a eta Eugenia enperatriza hirira heltzen irudikatzen zituen R. Bouquet eta A. Guesdonek egindako grabatu batean (grabatua bera Bouqueten 1857ko olio pintura baten bertsio litografikoa da). Mujikaren litografia lan apalaren asmoa bikoitza zen: estropada erakutsi eta ingurune geografikoaren edertasuna azpimarratu. Donostiako San Telmo Museoan dagoen grabatu horren alean, eskuz idatzita, 1860 urtea ageri da, eta data gisa sinesgarria da, egile horren beste lan batzuk gutxi gorabehera ordukoak direlako.

Haren ondoren Bernardo Ricoren grabatua dator, Tomas Campuzanoren marrazki baten gainean egina, eta Getarian 1888an jokatu zen Ondarroaren eta Pasai San Pedroren arteko estropada erakusten duena. Urte horretako abenduan argitaratu zuten Madrilgo La Ilustración Española y Americana aldizkari irudidun ezagunean. Grabatu horretan kazetaritza ikuspegia, informaziokoa, nagusi da artistikoaren gainetik, enkoadraketa berean estropadaren bi eszena bata bestearen gainean agertzeak frogatzen duenez. Irudian estropadaren hasiera agertzen da eta, lauki txikiago batean, traineru irabazleko arraunlariak “Siglo” baporean Ondarroara itzultzen. Azken horretan nabari da, batez ere, Campuzanoren marrazketaren kalitate berezia.

Donostiako La Galerna jai giroko astekariak, 1890eko irailaren 14an argitaratutako zenbakian, Donostiako urte hartako estropaden grabatu bat argitaratu zuen, Federico Álvarez “Efea” aldizkariko ohiko kolaboratzaileak egina. Bi gai nagusi biltzen ditu konposizioak: traineruak norgehiagoka bete-betean eta ikuskizunera elkartutako jendea. Elementu osagarriak: Luis Carril, donostiar traineruko patroia, garaile sariarekin, arraunlari irabazleen izenak dituen pergaminoa eta hiriko armarria. Efearen muga grafikoak ageri dira, bereziki traineruak itsasoan marrazterakoan emandako definizio baldarrean, baina lanaren balio dokumentala aitortu behar zaio.

Urte bereko abenduan marka guztiak hautsi zituen estropada bat jokatu zuten ondarroarrek eta donostiarrek. Desafioak grina biziak piztu zituen eta orduko apustuek dena galtzera eraman zituzten asko. Donostiako traineruak irabazi zuen eta arraunlariei eta patroiari berebiziko harrera egin zioten hirira itzultzean. Lehen aipatutako La Ilustración Española y Americana aldizkariak, gertakariaren berri emateko, orri osoko grabatu bat argitaratu zuen 1890eko abenduaren 15ean, Bernardo Ricok Joaquín Sorollaren marrazki baten gainean egina, “Herritarren txaloak traineru irabazlearen patroiari” oinarekin. Une hartako berotasuna, grabatuan bizitasunez jasoa, honela deskribatu zuen Antonio Peña y Goñi idazleak: “Trainerua kaian sartu zenean, hango algara eta garrasiek, hango eromenak, dardarka jarri zuten Jarana auzoa. Donostia guztia zegoen han, pozez zoratzen. Gizonak elkar besarkatuz, emakumeak negarrez eta dantzan, suziriak zerua zulatzen (...)”6.

1890eko estropada hark esanahi berezia izan zuen, izan ere. Peña y Goñiren hitzetan, “estropada ikaragarri hark berekin zituen etxeko ohorea, probintziaren duintasuna, dirua, altzariak, txalupak, arropa, norberaren harrotasuna, trebezia, indarra, kemena, borroka handi hartan jarri zituzten gorputz-arimak (...)”. Estropadaren garrantzia hainbestekoa izanda, ez da harritzekoa irabazi zuten arraunlarien omenez orri bat inprimatzea. Trikromian inprimatu zuten eta, elkarrekin nahastuta, hainbat elementu grafiko zituen: garaipenaren irudi alegoriko bat, Donostiako trainerua, arraunak jasota, irabazi duela adieraziz; Donostiako bi ikuspegi (zaharra bat eta berria bestea); kasino-etxe eraiki berria; eta, horretaz guztiaz gainera, arraunlarien izenak dituen “kartela” bat, ekaitzari aurre egiten dion ontzi baten ondoan, eta hiriko armarria, itsasoko tresnen panoplia batez apaindua. Traineru garailearen argazki bat, L. Ducloux-ren sinadura daramana, ere ageri da, collage aitzindari bat eratzen duela. Orriaren goiburuan, “Donostiar arraunlari kementsuei laudorio ondarroarrei estropada irabazteagatik, 10 milatan minutu eta hogeita zortzi segundo aterata”.

Handik lau urtera beste estropada batez arduratuko da La Ilustración Española y Americana : Kontxan jokatu zen hura ere, baina ez ziren traineruak lehiatu; espainiar armadaren “Nautilus” eskola ontziko ikasleak baizik. Estropadan “Nautilus” ontziko txalupa bat eta Getariako txalupa “bide-erakusle” bat erabili zituzten. 1894ko abuztuaren 8an argitaratutako grabatua Fernando Colmenaresen argazki batean oinarritua zen.

XIX. mendetik irten gabe, Blanco y Negro aldizkariak 1899ko abuztuaren 26an argitaratutako Donostiako traineru estropadei buruzko irudi bat aipatu behar da, Madrildar aldizkari irudiduneko ohiko sinatzaile zen Enrique Estevanen kalitatezko lan bat, alegia.

XX. mendearen lehen erdiko pinturak eta bestelako irudiak

Jatorrian tradizioa duten itsas lehiaketetan arraunak izan duen indar zurrupatzailea ez dirudi eremu horretara mugatzen denik, baizik beste kultur adierazpen batzuen eremuak ere hartu dituela. Euskal Herrian sortutako pintura eta adierazpen grafikoan, salbuespenak salbuespen, itsas jendearen ordezkari arrantzaleak dira, eta oso maiz arrauneko jendearen seinalez hornituta ageri dira. Arrauna sorbaldan edo lurrean zutik lantzaren modura daukan arrantzalea itsas gizonaren arketipo bihurtu da, ikono etniko bat, euskal artista askoren obran behin eta berriz aurkitzen dena, hasi Zubiaurretar, Arteta eta Tellaetxerengandik eta Martínez Ortiz eta are Ibarrolarenganaino ere. Pintura erako argazkigintzan ere ageri da arrantzalea eta bere arrauna; hor daude José Ortiz de Echagüe, Sigfrido Koch... Nonahiko agerkari hori adierazpen herrikoien eremura iritsi da, gehienetan kanpotarrentzako oroigarrien eta identitatea baieztatzeko gaien merkaturako kitsch ekoizpenetan gauzatuta.

Arrantza ontzien belak sarri agertzen dira, adibidez, Ugarte, Tellaetxe, Arteta eta Zubiaurretarren lanetan, baina, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, irudi grafikoetan eta pinturan ez da ageri arraun eta beladun ontzirik, hori ohikoa zen arren ontzi tradizionaletan. Esandakoren adibide, aipa ditzagun Aurelio Artetaren Despedida de las lanchas (1915-1917 ing.) eta Chalupa con remeros (1913 ing.) olioak7.

Traineru estropadek ikuskizunaren aldetik zaletasun izugarria pizten zuten arren, gai horren irudikapen grafikoak ez dira ugari. Zaharrenen artean Ignazio Ugarteren Traineras (1906 ing.) olio pintura dago. Trazuetan ageri duen apunte itxurak pentsarazten du lana, edo bukatu gabe dagoela, edo beste lan baten prestaketa dela, baina, pintura aldetik duen balioarekin, aparteko pieza bat dela esan behar da.

Manuel Losadak 1912an egikera oneko olio pintura bat egin zuen, Los remeros , traineru estropada bat erakusten duena, Elantxobe ondoko Ogoño lurmuturreko ikuspegia atzean duela. Mihise hori Resurreccion Maria Azkuek Bilboko Arte Eder Museoari eman zion 1945ean.

Bereziki erakargarria gertatzen den gai horri buruzko pintura lana Ramon Zubiaurreren Regatas olioa da. Tolesgabetasuna iradokitzen duen atmosfera irreal batez inguratutako lan honetan, harrigarriro eta liluragarri, alturako txalupen tertzioko belak zabalik ageri dira plano ertain batean.

Ramon Zubiaurrek egina da Los remeros vencedores de Ondarroa koadroa ere, Asociación de Artistas Vascos elkarteak Madrilen 1916an antolatutako erakusketa kolektiboan aurkeztu zuena8.

Dirudienez, 1920-1940 bitartean estropaden gaia ez zen pintoreen inspirazio iturri izan. 1944 inguruan Elias Salaverriak bi olio pintatu zituen, Regatas eta Traineras izenekoak; pintatzeko era anakroniko baina erakargarri eta oroimen-pizgarriarekin, arraunlariak ahalegin guztian itsaso beldurgarrian nola ari diren agertzen du. Azkeneko aipatutako hori, Donostiako San Telmo Museoarena gaur egun, 1990eko Kontxako estropaden karteleko iruditarako erabili zen.

Agian Salaverriaren koadro horretan oinarrituko zen Pablo Tillac, Pierre Rectoran-en Corsaires basques et bayonnais (Baiona, 1946) liburuan sartu zuen marrazkia egiteko. Nolanahi ere, aipagarria da Donostiako Ciaboga urtekariak, Espainian argitaratutako arraunari buruzko lehen aldizkariak, traineru estropaden marrazki anonimo bat atera zuela azalean zenbait urtez –1943tik aurrera gutxienez–, eta antz handia duela, bai Tillacen marrazkiarekin, bai Salaverriaren pintura lanarekin. Lan horien irteera daten hurrenkera argitzeko dago, beraz.

Regatas de trainerasEnrique Ortiz de Urbina. Traineru estropada Donostian, 1932.
Lit. Alvarez y Olive. Untzi Museoaren Bilduma. 118x93 cm.

Arraunaren inguruko kartelak

Heroi planta eta erronka keinua sumarazten dituen Artetaren arraunlariak gorespen etnikoaren aldarria dakarrela dirudi. Primo de Riveraren diktaduraren testuinguruan (1923-1930) ez litzateke harritzekoa izango kartelak konnotazio politikoak edukitzea. “Noucentista” klasizismoaren eragina ere sumatzen da lan horretan, ordea. Optika mediterraneozale eta idealizatu batekin begiratuta, irudimena apur bat behartuz, arraunlariak Grezia klasikoko atleta bihur litezke. Handik urte batzuetara, interpretazio literarioa eginez, Jose Maria Salaverriak “gertakari homeriko, olinpiko, idulki gainera eramangarri bateko kemena” ikusten zuen arraunlari garaileen espresioan10. Artetaren ikuspegiak bat egiten duela dirudi donostiar idazleak duenarekin, beraz.

Artetak erabateko arrakasta izan zuen. Ciaboga argitaratzen zutenek hainbat urtetan atera zuten aldizkariaren azalean, eta kartela 1933an berriro argitaratzearen alde agertu ziren argi eta garbi: “Arteta harro egon daiteke bere lanarekin. Aspaldiko urtetan miretsi dugu bizkaitar pintore famatuaren kartela. Ederra benetan Artetaren kartel hau. Bete-beteko alegoria da, izan ere. Koloretsua, diseinu ezin hobekoa, eta gizontasun sentsazio zoragarria ematen duena”11.

Ez zuen hainbesteko zorterik izan lehiaketa mugatu bat irabazi eta 1928ko kartela egin zuen Amadeo G. de Lloredak. Ciaboga -k gupidagabe jo zuen haren aurka: “Zer da hori, ordea? Gizona, erratza hartuta? Eta zer ari da? Bagak hartzeko ahaleginean? Patroi lanetan? Arraunean? Ez dago jakiterik zertan ari den, dena gaizki egina eta okerrago interpretatua dagoelako. Bai kaskarra, jaun-andreok. Eta hori Kantauri aldean banatzea... Zer esango ote dute?”

Kritikak izandako eraginagatik, agian, Donostiako Turismo Ekintzetxeak kalitatezko kartel bat aurkeztu zuen 1929an eta, zorionez, ale bat gaurdaino iritsi da. Egilea, Eduardo Lagarde, donostiar arkitekto, marrazkilari eta pintorea izan zen, Euskal Herrian egin diren kartelik onenetako batzuk egin zituena 1920-1930 bitartean. “Art dèco”, kubismoa eta futurismoa eragin iturritzat harturik, Lagardek sinplifikazio geometrikoa eta kontraste biziko tinta lauen antolaketa bilatzen ditu karteletan eta horma irudietan. Estropaden kartelaren modernotasuna tipografian ere ageri da, nabari baitzaio garaiko joerei adi dagoela horretan ere.

Zuzenean eskatuta, Enrique Ortiz de Urbinak estropada kartel erakargarri bat egin zuen Kontxan 1932an jokatuko zirenetarako, eta atzera begirako onarpena eman zion Ciaboga -k, kartela goraipatuz “ikusgarritasunagatik eta, batez ere, gauza berria, giroa jasotzen jakin zuelako”. Ortiz de Urbina saritua izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen zituen Artista Berrien lehiaketetan saritua, Dekorazio Artearen sailean 1931n eta Arte Aplikatuaren sailean 1933an12. Geroztik publizitateko marrazkigintzan lan egin zuen luze eta zabal.

Traineru estropadei buruzko kartelgintza ez zen Kontxako badiari begira geratu. Horrela erakusten du Bilboko 1935eko estropaden kartelak, garai hartako euskal diseinatzaile grafiko onenetako bat zen Luis Lasheras Madinabeitiak eginak. Kartelaren erreprodukzio bat bi tonutan egina bakarrik ezagutzen da gaur – Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco -ko “regatas” sarreran jasotakoa–, baina nahikoa da lana kalitate handikoa dela eta lehen aipatutako Artetaren marrazkiarekin antza duela konturatzeko.

1940ko hamarkadatik lekuko bakarra gelditu zaigu, Donostian moldiztegiratutako kartela, baina Santanderren jokatu beharreko estropada aipatzen duena. Pedreñak 1946an Kontxan irabazi zuenean, arraunzaleen artean kezka nagusitu zen, eta hurrengo hilean, urrian, Sardineroko senaian jokatu zen Espainiako Txapelketak «gipuzkoar arraunaren izen ona» proban ipini zuen. Gipuzkoatik gonbidatutako traineru bakarra Oriokoa zen eta 12 segundo kendu zizkien kantabriarrei. Antonio Valverdek kartel egokia egin zuen ospakizun hartarako, oriotar arraunlari bat ageri baita ohorezko borrokara joateko prest.

Antonio Valverde pintore eta irudigilearen lan onari zor zaizkio 1950eko hamarkadako estropada kartel on batzuk. Kontxako estropadarako 1956an (?) egin zituen karteletako batean protagonista ageri den traineruko patroi itzeletik arestian aipatu den oriotar arraunlarira doan bidean, nabari dira sinplifikazio formalerako bilakaera bat eta urte haietan horma pinturan asko zabaldu zen zentzu monumentala.

Valverdek badaki beste erregistro batzuetan ere lan egiten, ordea. Argi geratzen da hori 1951ko kartela ikusita, han estropadetako jai giro alaia emanez irudi eta kolorezko tratamendu tolesgabe batekin. Kartel horiek Gráficas Valverde etxean inprimatu ziren, Antonio Valverde zuzendari artistiko eta gerente zelarik. Hainbat urte lehenago Tolosako Laborde y Labayen-ek leku berezi bat izan bazuen arte grafikoen eremuan, antzekoa bete zuen Gráficas Valverde-k orain aipatzen ari garen garaian.

Valverderen lanen ondoan, 1950-60 inguruko sorkuntzaren berri ematen digute beste bi estropada kartel bikainek ere: Calparsorok sinatua da bata, eta Caslak bestea.

Jose Calparsororen lana, 1953koa, lirismo fin baten erakusgarria da, Donostiako estropadetako jai giro paregabea azaltzen duelarik. Lan horren kalitateak egileaz gehiago jakiteko gogoa pizten du. Pintore eta diseinatzaile grafiko hau Etxarrin jaio zen, Laborde y Labayen grafikagintza etxean lan egin zuen, eta kartel lehiaketetan lehen sariak irabazia da, besteak beste 1943ko San Ferminetakoan. Haren aztarna Venezuelan galtzen zaigu, 1953an han bizitzera joan zenez gero13.

Carlos Caslak 1955ean egindako kartela harrigarria da modernoagatik eta abstraktuagatik, ukabilak eta arraunak diagonal gurutzatuetan tentsioan ematen dituela. Egilea arkitekturako ikasle gazte bat zen orduan, bere kartelarekin Turismo Ekintzetxeak antolatutako lehiaketara, zorteak lagunduko ote zion, aurkeztu zena. Noiz edo behingo lan bat izan zen hura eta ez zuen jarraipenik izan, Casla arkitekturan aritu izan baitzen lanbidez14.

Regatas de trainerasAntonio Valverde . Traineru estropada Donostian, 1951.
Gráficas Valverde. Untzi Museoaren Bilduma. 89x61,3 cm.

1960tik 1980ra bitarteko aldia bizi-bizia izan zen ikusmen arteen arloan, baina, harrigarria izanda ere, ez dugu aurkitu diseinu grafikoaren aldetik interesa duen estropada kartelik. Galdutako kate begiak agertuko ahal dira denborarekin.

Dirudienez, 1970-80an zabaldu zen kartelgintzan oinarritzat argazkia erabiltzea. Baliabide erraz hori gehiegi erabili da eta sorkuntzan galtzea ekarri du, harrez geroztik eta gaur egun. Argazkiarekin hobeto edo okerrago asmatu eta behealdean edo irudi gainean idazkuna jartzea aski da kartela edukitzeko premia edo ohiturari, agian inertziaz iraun badu ere, erantzuteko.

Nolanahi ere, ez litzateke zuzena izango lan fotografiko bikain batetik abiatuta egindako kartelak aipatu gabe uztea. Horietakoa da Hilario Muñozek Donostiako estropaden mendeurrenerako 1979an proposatutakoa, formen disoluziora jotzen zuen irudi bat zeramana. Alberto Schommer eta Sigfrido Koch Arruti argazkilari ospetsuek ere egin zuten beren ekarria Donostiako estropada handiko karteletarako, 1980an lehenak eta 1982an bigarrenak15. Kontxako estropaden azken hamarkadetako argazki kartelen artean aipagarriak dira hauek sinatuak: Jorge Alkorta (1987), Javier de Juanes (1992) eta Juan José Camacho (1998).

Ohiz kanpoko estropada kartel bat ere aipatu behar da, Carlos Zabala “Arrastalu”-k 1981ean egin zuena, fantasia edo amets tankerako pintura lan batekin. Erabilitako irudia erakargarria den arren zalantzarik gabe, zalantzazkoa da kirol lehiaketa bat iragartzeko eta giroa berotzeko egokia ote den.

Azkenik, Tomas Hernandez-Mendizabalen lana nabarmenduko dugu, lanbidez Gráficas Valverderekin lotuta dagoen pintore eta diseinatzaile grafikoarena. Donostiako 1989ko estropadetarako proposamen erakargarri bat aurkeztu zuen, adierazpen indar handikoa bere soiltasun grafiko eta tipografikoan, eta interes gutxiko kartel fotografiko bati bide emateko baztertu zuten.

Gaur arte iraun duten laginak ikusita esan genezake, beraz, arraun tradizionaleko estropadek, urtea joan urtea etorri, komunikazioaren eta adierazpen grafikoaren balioak ondo uztartu dituzten kartel mordoxka inspiratu dutela. Kultur ondare bat osatzen dute, eta lan berriekin aberastu behar litzateke. Gure itsas ondarearen alderdi berezi –eta maitatu– honekin lotutako kartelen ekoizpenerako baliabide, enkargu eta lehiaketak kudeatzeko egiturak eta prozedurak berraztertzeak on egingo lioke, ziur, aurkeztutako lanen sorkuntza mailari eta kalitateari.

OHARRAK

1 José María Donosty, “San Sebastián en tiempos de Felipe IV”, Boletín de Información Municipal de San Sebastián, 5. zk., 1960 urtarrila-martxoa, 12 or.
2 Rafael Aguirre, Donostiako estropadak. Regatas de La Concha (1879-2001), Kutxa Obra Social, Donostia, 2001, 257 or.
3 José Luis Robertson, Zierbanako Arraun Elkartea. Ehun urte baino gehiago arraunean. Más de cien años bogando, Zierbenako Udala, Bilbao, 2002. 63. or.
4 Iñigo Fernandezek utzitako esku programa.
5 Kaletarako txalupen artean1909an egin zen estropadan Hondarribiko, Mutrikuko eta Donostiako txalupak aritu ziren, 22na arraunlarirekin. Aldiz, 1991n Donostiako hiru txalupa aritu ziren. Ciaboga urtekarian 1925ean «joshemaritar batek» azaltzen zuenez, kaletarako txalupen arteko estropadetara ikusle asko biltzen zen, baina txalupa mota hori galtzen joan zen heinean estropadak ere galdu ziren. Donostiako portuan bazen 1923an kaletarako txaluparen bat, eta Ondarroan nahiz Lekeition 1925ean ere ikusten ziren oraindik.
6 Antonio Peña y Goñi, “Dos fechas”, Euskal-Erria, 1892, 380 or. Estropada honetaz, ikus baita ere Olga Macíasen lana, “Donostiarras y ondarreses: el gran reto de traineras de 1890, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 4. zk., 2003, 629-637 or.
7 Edorta Kortadi, Aurelio Arteta y el mar, Nicanor Piñole Museoa, Xixon, 2000.
8 Pilar Mur, La Asociación de Artistas Vascos, Bilboko Arte Eder Museoa, Bilbo, 1985, 242 or.
9 Rafael Aguirre, op. cit., 303 or.
10 José María Salaverría, “Los remeros olímpicos”, Ciaboga, 1942ko irailaren 6a.
11 “El cartel de regatas”, Ciaboga, 1933ko irailaren 10a.
12 “Ortiz de Urbina, E.”, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Auñamendi arg., Donostia.
13 “Galparsoro, José”, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Auñamendi arg., Donostia,… ; Maya Aguiriano, Gipuzkoako kartelgintza. Cartelismo guipuzcoano (1928-1948), Aranburu Jauregia, Tolosa, 1997.
14 Koch-en argazkia lehenagotik argitaratu azen liburu honetan: Itxaskaria. Los eúskaros y el mar, Petronor, 1978.


Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2006 Dirección General de Cultura - Diputación Foral de Gipuzkoa.
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net