gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2018ko urtarrilak 20, larunbata
DONOSTIA, itsas hiria

erakusketa 07-06-12 / 08-11-09

Donostia, itsas hiria





Erakusketan erromatarren garaitik gaur egun arteko ibilbide bat egingo da Donostiako itsas historian barrena.

Itsas hiriaMoilen neurri txikiak ikusirik zail egiten da Erdi Aroaz geroztik XIX. mendea arte Donostian garatu zen itsas jarduera garrantzitsua imajinatzea. Izan ere, ikuspegi honetan ahantzi egiten dugu Donostiako portu espazioak bilbe bat osatzen zuela, eta bertan txertatuta zeudela badia, Santa Katalinako portua (Urumearen bokalean) eta Pasaia bera ere. XIX. mendearen hasiera arte, Pasaiako badiako portuko mugimendua Donostiaren kontrolpean egon zen, eta Pasai San Pedro ingurua hiriburuaren udalbarrutian sartuta gainera.

Partekatutako interesez eta gatazkez osatutako eszenatoki honetan itsasoari lotutako ekonomiaren gune bat finkatu zen, eta hainbat unetan garrantzi handia izan zuen Europa mailan. Eta eszenatoki horretan itsasoari lotutako lanbide sorta zabala garatuko zen. Itsas garraio eta merkataritza, alturako eta baxurako arrantza, baleak harrapatzea, ontzigintza, itsasoko gerrak eta kortsarioen jarduera izan ziren, hainbat mendetan zehar, Donostiako biztanle gehienen bizimodua. Banakako zein kolektibo gisako ahalegin horien baturak osatu du, bere argi eta itzal guztiez, hiriaren muin historikoa.

Balea

XIX. mendearen amaieran Donostiak sendotu egingo zuen bere alderdi turistikoa, itsasoarekiko eta merkataritzarekiko lotura tradizionala baztertuz bide batez. Arrantza suspertu egingo zen, ordea, baporea iritsi zenean eta, zailtasunez bada ere, mantendu egingo zen XX. mendean zehar. Gaur egun arrantza jarduerak aurrera segitzen du, duintasunez, ziurgabetasuna nagusi den etorkizunari begira.

Museoko funtsez gain, bilduma partikularretako eta beste zentro batzuetako materialak ere ikusgai daude. Aipatu zentro horien artean ditugu El Escorial Monasterioa, Simancasko Agiritegi Orokorra, Gipuzkoako Agiritegi Orokorra, Donostiako Udal Agiritegia, San Telmo Museoa, Eusko Jaurlaritza, Koldo Mitxelena Liburutegia, Kutxa Fundazioa, Museo Marítimo del Cantábrico delakoa, Hondarribiko Udala, Arantzazuko Santutegia eta Debako Santa Maria Eliza. Erakusketa osatzen duten 190 piezen herena ez da orain arte ikusgai egon publikoarentzat.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2006 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net