gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2017ko abenduak 16, larunbata

Itsas memoriaren kudeaketa

  • MuseoaGipuzkoako Foru Aldundiari atxikia, 1991ko maiatzaren 23an zabaldu zituen ateak Untzi Museoak. Hauexek ziren bere buruari jarriak zituen helburuak: Euskal Herriaren itsas ondarea zaintzen, aztertzen eta jakitera ematen laguntzea.
  • Itsasoak berebiziko garrantzia izan du euskal gizartearen moldaeran eta, izatez, euskaldunak kanpora izandako zabalkundearen eragile nagusia izan da. Begi-bistakoa zen, beraz, behar baino eskaintza askoz urriagoa genuela garai hartan itsasoari lotutako museo-ekipamendu kontuetan. Ezin auzitan jarri, bada, itsas ondarea eta historia zaintzeko, ikertzeko eta hedatzeko horrelako zentro baten beharra.
  • Kontsulatu etxeari erabilera berria emateko eta museo bihurtzeko ideia aurkeztu zuen Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak, eta hartatik abiatuta Gipuzkoako Foru Aldundiak museo egitasmo zehatz bat landu zuen laurogeiko hamarraldiaren amaieran: huraxe izan zen Untzi Museoaren jaiotza.
  • Museoan erakusketa iraunkorrerako dauden guneek eraikinaren hiru solairuetako bi hartzen dituzte. Euskal Herriak itsasoarekin izan duen harremanaren ikuspegi orokorra eskaintzen da horietan, arreta berezia untzigintzari eskaintzen zaion arren. Goiko solairuan, berriz, zerbitzu nagusiak daude: administrazioa, liburutegia, bideoteka eta agirien artxiboa. Areto balioaniztun bat ere badago bertan, aldi baterako erakusketak eta lantegi pedagogikoak egiteko erabili ohi dena.
  • Zabaldu zenez gero, Airu Z.K. kultur zerbitzuen enpresa ari da Museoa kudeatzen. Aurretik ere, proiektua bera garatzen eta gauzatzen arituak ziren enpresako teknikariak. Museoaren kudeaketa aldiro-aldiro dei egindako lehiaketa irekien bitartez esleitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Foru erakundeko Kultura Departamentua da kultur ekintzen programak onartzen eta gainbegiratzen dituena ere.
  • Heziketaren alorreko jarduerak

  • heziketaren alorreko jarduerakUntzi Museoak badu Hezkuntza Zerbitzu bat ere, era askotako bisitariak atenditu ohi dituena (heziketa arautuko ikastetxeak, beharrizan bereziko kolektiboak, publiko orokorra...) eta bere lana betetzeko koaderno eta maleta pedagogiko egokiak osatzen dituena. Heziketa arautuko ikasleei zuzendutako jarduerak egiteko garaian, eskolako programak eta beharrizan errealak hartzen dira kontuan.
  • Ezgaitasun fisikoak nahiz psikikoak dituztenei eta gizartean behar bezala txertatuak egoteko arazoak dituzten kolektiboei arreta berezia eskaintzen die Museoak, urtero jarduera pedagogiko jakin bat antolatuz talde batzuei zein besteei egokituta. 1991. urtean bertan hasi zen Untzi Museoa elkarlana lantzen ATZEGI, ONCE, Martuteneko Espetxea, Gizakia Helburu, Donostiako Adimen Osasuneko Zentroa, Altzako Kale Hezitzaileak eta horrelako hainbat elkarterekin.
  • heziketaren alorreko jarduerakHezkuntza Zerbitzuak batez ere historia eta ondarea landu ditu, baina itsas kulturaren alderdi mitikoak eta literarioak ere jorratu ditu, era guztietako kontakizunen antzezpen interaktiboak eginez. Gaur egun diren itsas industrien egoerak ezagutzen eta itsasoarekin nahiz ibaiekin zerikusia duten ingurumen arazoak aztertzen ere saiatu da.
  • Bakerako heziketa ere landu da Museoaren jardueretan. Horren adibidea da, esaterako, Gesto por la Paz-Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundearekin elkarlanean 1998an egindako programa, “Euzkadiko Gudontzidia, 1936-39” erakusketarako prestatua.
  • Erakusketa iraunkorra ikusteko bisita gidatuaz gainera, ondoko ekintza pedagogikoak eskaintzen ditu Hezkuntza Zerbitzuak: "Txominen aitonaren ipuina", "Balearen arrantza", "Arrantza erak", "Ondarea zer den ikasten", "Esan Elkano: nora hoa?", "Haizearen arrosak", "Ibilbide historiko-literarioa Donostian zehar", "Barojatarren ibilbidea, Tailer multisensoriala etab.
  • heziketaren alorreko jarduerakMuseoan hainbat ikasle izan ditugu praktikaldiak egiten, EHUKo Irakasle Eskolakoak, Deustuko Unibertsitateko Donostiako Humanitate Fakultatekoak (Kultur Baliabideen Kudeaketako Graduondokoak), Kunsthal Arte Plastikoetako eta Diseinuko Zentrokoak eta Gipuzkoako Gizakia Helburuko borondatezko langileak.
  • Partaidetza bultzatzea, sormena lantzea eta jakintza nahiz sentipenak transmititzea: horra hor programa pedagogikoen helmuga nagusiak.
  • Ikerketa eta argitalpenak

  • Mirakruz kaleko urpekari ezaguna museoanIkerketa da Museoko jardueren beste zutoina. “Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco” aldizkaria argitaratzen du Untzi Museoak. Itsas historia eta antropologiako arloetan ikerlanak ugaritzeko eta zabaltzeko bitarteko egokia den argitalpen honek hiru sailetako lanak plazaratu ohi ditu: 1) luze-zabal landutako gai monografiko bat, 2) Museoaren fondoei buruzko azterketak, eta 3) ikerlan solteak. Orain arte bost zenbaki kaleratu dira, gai nagusi hauek zituztela: 1. zk.) itsas azterketen egoera, 2. zk.) untzigintza, 3. zk.) arrantza, 4.zk.) itsas garraioa eta merkataritza eta 5. zk.) itsasoko gerra, kortsarioak eta itsaslapurrak.
  • Itsasoarekin uztarturik diharduten sektore ekonomikoen gaur egungo egoeraz ere egin dira zenbait ikerlan. Esate baterako, kontserbagintza, untzigintza eta arrantza alorretan gaur dugun egoerak aztertu dira, eta azpimarratzeko da alorrean alor ondare industrialak gaur duen egoera ikertzeko ere baliatu direla azterketa horiek. Museoak sustatutako ikerlan gehienak aldian aldiko erakusketei lotuak izan dira. Horrelakoetan aipagarri dira, esate baterako, “Pasaia. Iraganaren oroigarria, etorkizunari begira”, “Euzkadiko Gudontzidia (1936-39)”, “Arrain kontserbak Euskal Herrian. Industria eta ondarea”, “Barojatarrak eta itsasoa. Julio Caro Barojaren omenez”, “Itsas Marruma. Euskal kostaldearen argazki zaharrak (1850-1960)” edo “Urpeko oroimena. Euskal Herriko urpeko arkeologia eta ondarea”.
  • Badira, halaber, zabalkundeari emanagoak diren beste argitalpen batzuk, baina hala ere aztergaiaren ezagupenean mugarri berriak jarri dituztenak. Esate baterako, “Antonio de Gaztañeta (1656-1728)”, “Itsas aurrean. El País Vasco y el mar a través de la historia”, “Oria ibaiko untziak”, “Bolbora eta izarpean. Txurruka eta Ilustrazioko beste itsasgizon euskaldun batzuk”, “Itsastarrak. El mar en la obra de José Ortiz- Echagüe”, “Ontzi tradizionalak milurteko berriaren atarian” edo “Itsas Marruma. Euskal kostaldearen argazki zaharrak (1850-1960)”.
  • Museoak ekoiztutako aldi baterako erakusketak

    Barojatarrak eta itsasoa. Julio Caro Barojaren omenez izeneko erakusketako txartela
  • Euskaldunen itsas historiaren eta ondarearen zabalkunde lan oparoaren lekuko, Museoak dagoeneko zenbait erakusketa ditu antolatuak. Alde horretatik, aipagarriak dira “Antonio de Gaztañeta (1656-1728)”, “Euzkadiko Gudontzidia (1936-39)”, “Bolbora eta izarpean. Txurruka eta Ilustrazioko beste itsasgizon euskaldun batzuk”, “Arrain kontserbak Euskal Herrian. Industria eta ondarea”, “Barojatarrak eta itsasoa. Julio Caro Barojaren omenez”, “XVIII mendeko itsasuntzi baten egitura. Juan José Navarroren albuma”, “Pasaia. Iraganaren oroigarria, etorkizunari begira”, “Ontzi tradizionalak milurteko berriaren atarian”, “Itsas Marruma. Euskal kostaldearen argazki zaharrak (1850-1960)”, “Marea beltza”, “Urpeko oroimena. Euskal Herriko urpeko arkeologia eta ondarea” eta “Estropadak” besteak beste. Untzi Museoa giza eta ekonomi baliabidez urri samarra dela aintzat hartuta, goraipatzekoa da, gainera, aldi baterako erakusketa gehienak bertan ekoiztuak izan direla.
  • Aldi baterako erakusketakGoian aipatu legez, erakusketa gehienekin batera monografia bereziak argitaratu ohi ditu Museoak; hartara, zabalkundearen aldetik erakusketa batek beti bete nahi izaten duen eginkizuna zabaldu eta gaiari buruzko ikuspegi eta jakingarri berriak plazaratzea lortzen da. Azpimarratzekoa da, bestalde, egin diren erakusketa askotan Museoaren fondo-bildumak aberasteko aukera izan dela, izan ere erakusgai jarri beharreko materialen bila ibiliz beti sortzen da abagunea ondasun interesgarriak
    eskuratzeko, erosita nahiz dohaintza bidez.
  • Ondarea berreskuratu eta zaintzea

  • Untzi Museoak ardura handiz hartzen du itsasoari lotutako kultura materiala, memoria historikoaren euskarri fisikoa delako, eta bere lanen barruan lekurik garrantzitsuenetako bat hartzen du.
  • Jaizkibel dragaontzia, Pasaiako Portuko AgintarintzarenaMuseoak 1991. urtetik aurrera ondarea berreskuratzeko egin duen lana aurrekontuetan zituen mugen baldintzapean egin badu ere erritmo, metodo eta irismenari dagokienez, eta material hori guztia jasotzeko biltegi egokirik izan ez badu ere, gauza handiak lortu ditu dagoeneko. Izan ere, liburutegia, bideoteka eta dokumentuen artxiboa asko hazi dira museoaren hamabost urte hauetan eta horixe bera esan dezakegu gainerako bildumei buruz ere, beti irekita egon baikara edozein material adierazgarri hartzeko, hala nola: grabatuak, pinturak, argazkiak, postalak, kartelak, eskuizkribuak, liburuak, itsas mapak, planoak, itsasketa tresnak, objektu etnografikoak, industri ondareko osagaiak, etab.
  • Ontziak berreskuratu eta zaintzea izan da, zalantzarik gabe, lanik handiena eman digun arloa. Harrigarria bada ere, nahiz eta jakin ontziak direla itsas ondarearen oinarrizko osagai, Gipuzkoan eta Bizkaian, laurogeita hamarreko urteetan, ez zen batere interesik erakutsi ontziak berreskuratzeko. Julio Caro Barojak 1973an argi eta garbi azaldu zituen arlo horretan ondarea babesteko zentroek izan zituzten mugak: “Bai harrigarria gure tradizionalismoa: beti hitzezkoa, kontzeptuala. Iraganarekiko maitasun materialik, fisikorik, inoiz adierazi gabea”.
  • Bidasoako gabarra baten garraio lanakArlo horretan egin genuen lehen lana “Jaizkibel”, Bilboko Euskalduna ontzioletan 1933-34an egin eta Pasaiako Portu Agintaritzarena zen dragaontzia, babestea izan zen. Industri Ondarearen Euskal Elkartearekin elkarlanean, 1991ean, ez txikitzea lortu genuen eta, bi urte geroago, Eusko Jaurlaritzak Kultur Intereseko Ondasuntzat deklaratu zuen, monumentu kategoria emanez. Lehen aldiz eman zitzaion ondare maila hori ontzi bati Espainian.
  • Beste ekintza aipagarria –hori ere 1991ekoa– Hondarribiko “Lagun Artean” legatzontzia, amu arrantzan erabiltzen zutena, eskuratzea izan zen. Izan genituen administrazio eragozpenak gainditu ondoren, ontzi horrek balio izan digu ur gaineko ondarearen kontzeptua jendearen artean zabaltzeko, museoaren ondoan amarratuta baliabide pedagogiko gisa erabili izan baitugu. Balio izan digu, era berean, espainiar legerian bide bat irekitzeko ere, kultur erabileretarako arrantzako ontziak erosteko bidea horrela irekita geratu baita, Europako Batasunak ontziak berregituratzeko ematen duen laguntzarik galdu gabe.
  • Museoak, urte hartan bertan, itsas ondarearen inbentarioa jarri zuen abian, hasiera batean ontziena bakarrik izan zena. Inbentario horretaz baliatu ginen, zituzten eraiketa ezaugarriak eta tipologiak zirenak zirelako, gordetzea merezi zuten ontziak aukeratzeko.
  • Zoritxarrez beranduegi hasi ginen ontziak gordetzeko lan horretan. Galdutakoak ezin genituen berreskuratu. Museoa abian jarri zen urtean, 1991ean, ezin izan genuen arrantzan edo garraioan ibiltzen ziren belaontziak nolakoak ziren erakutsiko zigunik aurkitu. Ez genuen kabotaiako belaontzirik, arrantzako trainerurik, arrantza tokietara edo hegaluzetara joaten ziren txaluparik aurkitu. Ez zegoen baporerik ere.
  • Hala ere, bazeuden ontzi interesgarriak ere, eraikitzeko tradizio zaharretan argi eta garbi giltzatuak eta, horrela, urte hartan, ontzirik adierazgarrienak eskuratzeko ahaleginetan hasi ginen.
  • Museoak gaur arte 24 ontzi, txikiak eta ertainak, eskuratu ditu, gehienak arrantzako lanarekin zerikusi izan dutenak, horien artean portuko ontziak edo aisiontziak ere egon dauden arren.
  • Museoan gaur egun lekurik ez dugulako, ezin izan dugu berreskuratutako ontzirik erakusketa iraunkorrean erakutsi. Oraingoz ontzi guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren lokal batzuetan dauzkagu. Museoa esku artean dugun ontzi ondarea erakusteko moduko leku batean ahalik eta azkarren jartzeko urratsak azkar egingo ditugula espero dugu. Dena dela, argi eta garbi utzi nahi dugu ontziak babesteko lan hori ez dugula erakusketa batean lehenbailehen erakusteko egin, baizik eta, batez ere, gure ontzi tradizioaren eredurik adierazgarrienak (Euskal Herrian erabili diren itsas eta ibai ontzi mota nagusiak) gorde eta babesteko baizik, horrela geroko belaunaldiek aukera izan dezaten ezagutu eta ikusiz gozatzeko.
  • Kalitatea helburu

  • Kalitatea helburuMuseoaren zerbitzu eta jarduerak ahalik eta ondoen eman behar ditugu, baina horretarako zein kultur eskaintza dagoen aztertu behar du museoak. Hezkuntza Zerbitzuak bere programa pedagogikoen jarraipen sistematikoa egiten du, galdera-erantzunen bidez. Joaten zen jendea aztertu genuen 1996 eta 1997 urte bitartean –ziurrenik lehen aldiz euskal museo batean– eta hor bisitariak bere ibilbidean zuen jokabidea behatu genuen zuzenean. Euskal Herriko Unibertsitateko Pedagogia Fakultatearekin elkarlanean, estudio bat egin genuen eskoletatik etortzen ziren taldeak hobeto ezagutzeko. Era berean, Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko Kultur Baliabideen Kudeaketako Graduondoko ikasleekin batera, 2000. urtean, kalitate plana ezartzeko programa egin genuen, eta 2001. urtean aldi bateko erakusketaren kalitatearen ebaluazioa.
  • Estudio eta azterketa horiek balio izan digute gabeziak detektatzeko eta, ahal den neurrian, zuzentzeko neurriak hartzeko. Lan arloetan ahalik eta kalitaterik handienez lan egiteko, entitate publiko eta pribatu batzuek laguntza ekonomiko, tekniko edo kulturala eman digute, hala nola: Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoa Donostia Kutxak, Orio, Mutriku eta Pasaiako udalek, Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Eusko Ikaskuntzak, Pasaiako Portuak, Norpescok, ATZEGIk, Gizakia Helburu elkarteak, Emaus Gizarte Fundazioak, ONCEk, Gautenak, Madrileko Untzi Museoak, Kantabriako Itsas Museoak, Bartzelonako Itsas Museoak, Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoak, Bermeoko Arrantzaleen Museoak, Parisko Ontzi Museoak, Douarnenezko Untzi Museoak, Amsterdameko Itsas Museoak, Stavangerko Itsas Museoak... Horiek guztiak, eta museoari beren lanik onenak eman eta beren adiskidetasuna erakutsi dioten guztiak (gero ematen dugu zerrenda, agian ez osoa) benetan eta bihotzez eskertu nahi ditugu.
  • Museoak liburutegi espezializatua du, era guztietako irakurleentzako zabalik dagoenaLanean hamabost urte igaro ondoren, gure poza ere azaldu nahi dugu Untzi Museoa euskal itsasoko ondarea berreskuratu, ikertu eta zabaltzeko tresna ezin hobea izan delako, baina aldi berean erantsi nahi dugu joan den denbora horretan etapa bat bakarrik burutu dugula. Kontsulatuko Dorretxe zahar eta kuttunak leku gutxi eta egiturazko mugak eskaintzen dizkigu museo baten ibilerarako, eta horrek eramaten gaitu nahitaez beste instalazio batzuetan pentsatzera, izango dituen neurri, aurrekontu, bilduma, giza eta teknologi ekipamenduen bidez Euskal Herriak behar duen itsas museo bihurtuko dena.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2006 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net