gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2018ko urtarrilak 20, larunbata

ITSASOAREN INDARRA

erakusketa 08-09-9 / 08-11-09

Untzi Museoa erakusketa 9-09-08

Itsaso ekaitzaren indar haserre eta menderaezinaren aurrean, gizakiak betidanik sentitu du ezgauza izatearen izua. Aspaldidanik ageri da, Homeroren eta erromatar klasikoen testuetan, itsaso handiak eta ontzi hondoratzeak sortzen duten ikara. Mediterraneoa beldurgarria izan badaiteke, zer ote da Ozeano Atlantikoa, itsaso goibeltsuen artean maltzurrena. Erdi Arokoen begipean, Ozeano handia leku mehatxagarria zen, izaki okaztagarriz betea, ontziak bezala gizonak irensteko beti gosez. XVIII. mendearen hondarretan, Joaquín Antonio del Camino donostiar historialariak Bizkaiko itsasoaren amorrua aipatu zuen, esanez «ekaitz garaietan ikaragarria izan ohi da, baita lehorretik begira daudenentzat ere». Itsas ahutzaren ahalmen neurrigabearen aurrean, mendeetan zehar literatura eta ikus-arteak emozio bikoitz baten lekuko izan dira: izuarekin batera, lilura.

XIX. mendearen erdi aldean, argazkilari batzuk, besteak beste Gustave Le Gray frantsesa, saiatu ziren kameren bitartez islatzen uhinen indarra eta itsasoko uraren etengabeko asaldura. Euskal Herrian, XX. mendearen lehen hamarraldian sortu zen, lehenengoz, gai honen inguruko argazkigintza. Biarritz eta Donostia hautatu zituzten argazkilariek ariketa tekniko eta sormenezko hau burutzeko.

Donostian, ekialdeko zabalkundeak lehenik Salamanka pasealekua, gero Pasealeku Berria (donostiar zaharren ahotan, «Bide Berria») ireki zituelarik, hiria itsasoari begira ipini zen. Itsasoaren begiratoki ezin ederragoaren jabe izan zen, ordutik aurrera, Donostia; ekaitz eta itsasaldi gogorretan, ikuskizun txundigarria eskaintzen du —munduko ikuskizun handiena, Cecil B. de Mille-ren baimenarekin—, itsasoak irentsitako hiriaren mito zaharra aldiro-aldiro berritu nahirik.  Zenbaitetan, Bizkaiko Itsasoak bere aurpegi ankerrena ezkutatzen duenean, harrotasunik galdu gabe hala ere, ibiltariak uhinekin jolas egiteko lizentzia izan dezake, besarkada bustiak jasotzeko arriskua badago ere.

Izan jolasgai, izan erraldoi, Donostiako itsas bazterreko pasealekuko uhinak beti izan dira posta txartelen gai klasikoa, XX. mendearen hastapenetik. Gregorio González Galarza, Pascual Marín, Sigfrido Koch Bengoechea eta beste argazkilari asko saiatu izan ziren XX. mendearen lehen hamarraldietan lan eder askoak egiten gai honen inguruan. Gaur egun, argazkigile eta argazkizale askok begiratzen diote kameraren atzetik itsasoari, liluraturik, itsasertzaren leku askotatik, denboralea edo uhin handiak direnean.  Erakusketa honek argazkigintza mota horren maila tekniko eta estetiko itzela adierazten du, Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkartearen antolamenduaz.

José María Unsain Azpiroz
Untzi Museoko zuzendaritza kidea

Antolatzaileak:

Euskal Informatzaile Grafikoen Elkartea Museo Naval

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2006 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net