gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2018ko abenduak 10, astelehena

Museoaren argitalpenak

 

Euzkadiko GudontzidiaPardo San Gil, Juan: Euzkadiko Gudontzidia. La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi(1936-39) , 2. ed. Untzi Museoa - Museo Naval. Donostia-San Sebastian, 2008. [15 €]

Euzkadiko Gudontzidia. La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi(1936-39) PDF-a jaitsiPDF-a jaitsi

 

Aurkezpena

Juan Pardo San Gilen Euzkadiko Gudontzidia (1936-39) liburuaren berrargitalpena dugu aurrean. Lehenengo edizioa –agortua dago egun– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Untzi Museoak argitaratu zuen 1998an gure historiaren atal hori ezagutarazteko, izen bera zuen aldi baterako erakusketarekin bat eginez, eta memoria berreskuratzeko Museoak hasitako ildoari jarraiki. Liburu hura funtsezkoa izan zen Euzkadiko Gudontzidia ezagutzeko eta zegokion aintzatespena egiteko. Eta aintzatespena diot, erakusketa bera nahiz liburua erabakigarriak izan zirelako gutxi eta gaizki ezagutzen den gure oraintsuko historiaren gai hori argitara ateratzerakoan eta horrekin gudon tzidi hura osatu zuten 900dik gora gizon eta emakume gogora ekartzean.

Liburuaren berrargitalpena Espainiako Gerra Zibilaren 70. urteurrenaren ekitaldien barruan aurkezten da. Euzkadiko Gudontzidiko kideek eta beren senitartekoek osatzen duten Matxitxako Elkarteak bultzatutako eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta beste euskal erakunde batzuk partaide diren ekitaldi horiek 2006an hasi ziren eta 2009an amaituko dira. Bere garaian hain harrera ona izan zuen eta oraindik ere Euzkadiko Gudontzidiaren gaia aztertzeko erreferente izaten jarraitzen duen argitalpen hau, berriz ere, interesatuen esku jartzeak lagunduko du ez bakarrik gure historia hobetu ezagutzen, baizik eta gure omenaldia egiten beren ideiak indar desberdintasuneko borrokan defenditu zituzten gizonei.

Lan hau aipatzeko berrargitalpen hitza erabili dugu, eta egiazki horixe da, alabaina, esan beharra dago ere, lehenengo argitalpenetik hamar urte igaro ondoren, Juan Pardo San Gil egileak zenbait puntu eguneratu, hainbat alderdi argitu eta informazio berria erantsi nahi izan duela, beti ere, edizio honen ezaugarriek ezarritako mugapenen barruan; hasierako asmoa ez baitzen edizio berritu bat egitea.

Aurrekoan bezala, orain ere, gure eskerrona adierazi nahi diogu Juan Pardo San Gil adituari, bere lana ezinbestekoa izan baita berrargitalpen hau kaleratzeko. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu Gipuzkoako Foru Aldundiko Untzi Museoko arduradunei, bertan prestatu baitituzte erakusketa eta liburu honen bi argitalpenak.

Mª Jesús Aranburu Orbegozo
Kultura eta Euskarako Diputatua
Gipuzkoako Foru Aldundia

 


Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2006 Dirección General de Cultura - Diputación Foral de Gipuzkoa.
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net