gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2017ko abenduak 16, larunbata

Kontsulatuko Dorretxea

Historia duen eraikina

Detalle de un proyecto de ampliación del puerto de Donostia que no llegó a realizarse. Pedro Ignacio de Lizardi, 1773. Biblioteca Nacional, Madrid

Donostiako portuan, lehorreratzeko arrapalen ondoan, kokaturik dagoen eraikin hori, berez ondare balio nabarmena duen elementua, Untzi Museoaren egoitza da gaur egun. XVIII. mendearen erdialdeaz geroztik dago hiriaren itsas historiari loturik. 1813ko abuztuaren 31n gertatutako sutearen ondotik zutik mantendu diren eraikin bakarrenetako bat da, eta Donostiako Kontsulatuaren arkitektura nolakoa izan zen egun erakusten digun arkitektura aztarna bakarra.

Casa-Torre del Consulad, 1773Kontsulatua 1682. urtean sortu zen, itsas merkatari, ontzijabe eta patroien elkarte gisa. Merkataritza eta nabigazioa sustatu zituen, eta portuak nahiz bideak mantentzeko eta hobetzeko obrak bultzatu zituen. Argien Mendean, garrantzi izugarria izan zuen erakunde honek Caracasko Erret Konpainia Gipuzkoarraren sorreran, eta, horrez gain, Donostiako Bale Konpainia sortu zuen, Atlantikoz bestaldeko arrantza tokiak berpiztu nahian, arrakasta handirik izan ez bazuen ere.

Kontsulatuak, garai hartan, udaletxea izango zen eraikin berria ordaintzen lagundu zuen, eta bertan izan zituen egoitza eta agiritegia, solairu nagusienetako batean kokaturik. Portuko dorretxea Kontsulatuaren eraikuntzetako bat zen, portuko tenientearen bizileku gisa erabiltzen zena, baita biltegi eta presondegi moduan ere; eta noizbait Nautika Eskola ere izan zen.

1813an, elkarturik zeuden soldadu portuges eta ingelesek eragin zituzten hondamenezko ekintzen ondorioz, udaletxe eta Kontsulatuaren egoitza izateko sortu zen eraikin barrokoa suntsiturik geratu zen. Ekintza haietan sortutako sutean, hiriko artxiboak ere erre egin ziren. Horrela, gure historiaren zati handia desagertu zen egun beltz hartan, baita Kontsulatuaren eta dorretxearen nondik norakoak berreraikitzen lagunduko ziguten dokumentuak ere.

Dorretxea noiz eraiki zen zehatz-mehatz ez dakigun arren, badirudi XVIII. mendearen erdialdean eraiki zela. Izan ere, 1760ko Donostiaren plano batean agertzen baita, “Kontsulatuko Etxea” izena ipinita.

Etxeak zein zerbitzu eta eginkizun bete zituen jakiteko, nahikoa iturri zehatzak dira 1766ko Kontsulatuaren Ordenantzak. Bertan adierazten da Kontsulatuko dorretxean kokalekua eta bizilekua zeuzkatela kaiko tenienteak eta haren bedelak. Tenientearen eginkizuna badian edo inguruetan zeuden eta zailtasunak zituzten itsasontzi guztiei laguntza ematea zen, berdin merkataritza itsasontziak nahiz gerraontziak izan. Horretarako, biltegi bat zeukan, eta bertan, kableak, kalabroteak, hainbat soka, eta mota guztietako aingurak eta aingura txikiak zeuden. Era berean, “txalupa handia” zeukan, beti prestaturik egon behar zuena, beharrezkoa zenean eta denboralea zegoenean laguntza ematearren.

Emblema del Consulado de San Sebastián, 1766Dorretxean ezkila bat zegoen, eta gauez, hiriko ateak itxi ondoren, salbamendu ekintzaren batera joateko edo, Done Pedro Kofradiako itsas gizonen laguntza behar izanez gero, haiei hots egiteko erabiltzen zen. Ezkila horren bidez, era berean, herritarren laguntza eskatzen zen, itsasontzietan gerta zitezkeen suteak itzaltzeko. Ezkila dorrearen goi aldean ikus daiteke gaur egun ere, eta ondorengo inskripzioa dauka: “Soi de el noble Consulado de esta ciudad 1799”.

Kaiko tenienteak zeukan beste betebehar bat, bestalde, biltegi gisa erabiltzeko etxean nahikoa tokirik edukitzea zen, hartara, portura ur txirrioa zeukaten edo ezbeharren bat jasan zuten itsasontziak iritsiz gero, haietan zegoen zama bertan bildu ahal izango zen.

Hortaz, itsas sorospena zen dorretxearen eginkizun nagusietako bat. 1788an argitaratu zen Vicente Tofiñoren “Derrotero” izeneko obra ezagunak ondo adierazten du esandakoa: “Laugarren koadranteko haize bortitzak daudenean, oso arriskutsua da kai horietan sartzea, kanpoko kaian ainguratu beharra izaten baita, eta hor inolako babesik ez dago, eta marea gora dagoenean beharrezkoa izaten da bertako txalupen laguntza, horiek eramaten baitiote ontzi barrura kable baten txikota, eta, lehorretik biraraziko dute itsasontzia kaien barrura sartu arte. Mugimendu hori arriskutsua izaten da beti, Kontsulatuak kontu handia izan arren, biltegi bat baitauka kai gainean kable, kalabrote, soka, dibidieta eta aparailuak egiteko txirrika eta poleaz ongi horniturik”.

Casa-Torre del Consulado a comienzos del siglo XX.XIX. mendearen erdi aldera arte, dorretxea portuan zegoen eraikin bakarra izan zen. Hiriko ateak itxi eta gero iristen ziren itsasontziek dorretxera jo behar izaten zuten, laguntza, edaria eta janaria eskuratzeko. Tenienteak bazeukan ogia, ardoa eta beste hainbat elikagai ematea, gaueko zortziak arte. Zortzietatik aurrera, marinelek haien itsasontzietara itzuli behar zuten. Izan ere, tenienteak portuan ordena mantentzeko eginkizuna zeukan, eta zalapartariak espetxean sar zitzakeen. Kontsulatuaren Ordenantzetan, honela deskribatzen da tenientearen eginkizuna: “Itsasontzietan kapitain eta eskifaiaren arteko iskanbilarik egon ez dadin zainduko du, eta horrelakorik gerta ez dadin, arreta berezia jarriko du gauez, eta edozein gaiztagin atxilotuko du, eta horren berri emango du”.

En el siglo XVIII la Casa-Torre fue utilizada además como Escuela de NauticaPedro Ignacio de Lizardi izeneko arkitektoak 1773. urtean portua zabaltzeko proiekturako aurkeztutako plano batean, Kontsulatuaren eraikina aipatzen da “Nautika irakasten den dorrea” izenez. Kontsulatuak 1765ean eratu zuen Nautika eta Kosmografia Eskola, dirudienez itsasoz haraindiko nabigazioetan arituko ziren alturako pilotuen prestakuntzarako. Itsaso Ibáñez historialariak aurkitutako agiri baten arabera, Eskolak Errege Babesa lortu zuen 1784an, Jose Mazarredo itsas gizon handiak –artean Itsas Armadaren Ontziteriaren burua zenak– egindako ikuskapenaren ondoren. Agirian ez da ezer aipatzen Eskolaren kokapenaz, baina jakin ahal izan dugu irakaskuntza zentro hartako irakaslea Asencio Amestoi zela garai hartan, aldi berean kaiko tenientea zena.

Dorretxeak zutik iraun zuen 1813ko erasoaren ondoren, baina, garaiko marrazkian ikus daitekeenez, suntsiketaren bat ere pairatu zuen. Udal agiri batean, bestalde, itsas armada britainiarreko bergantin komandante baten agintepean arpilatua izan zela egiaztatzen da, haren aginduz kableak, belak, aingurak, burdina eta beste tresna batzuk lapurtu baitziren.

Puerto de Donostia a comienzos del siglo XXXIX. mendeak ekarri zituen politika asaldaketek Kontsulatuak haren eskuduntza batzuk galtzea eragin zuten, gaur egun Merkataritza Ganbara izatera iritsi arte. Estatua bilakatu zen dorretxearen jabe, eta etxea herri lanak eta portuak ardurapean zituen ministerioaren egoitza izan zen. Aurrerantzean, kaiko tenientea eta portuko obren eta mantentze lanen ardura zeukan langile burua biziko ziren bertan. XIX. mendearen bukaeran egindako argazki batean, errotulu handia ikus daiteke eraikinaren aurrealdean, haren funtzioaren berri ematen duena: “Herrilanak eta Itsas Sorospena”. Ordurako, tenientea kaitik gertu zegoen beste eraikin batean bizi zen.

1936ko uztailan, gerra zibilaren hasieran, kaiko bizilagunek babesleku gisa erabili zuten, bertan, hobeto gordetzen baitziren su gurutzatutik eta galdutako baletatik.

Kai-Arriba, óleo de Miguel Altube, 1892. Colección Museo de San Telmo1988. urtera arte, dorretxea museoa izateko birgaitze lanak hasi arte, alegia, hainbat funtziotarako erabili zen eraikina: langile buruaren bizilekua izateaz gain, uharteko farozainaren txalupa, portuko urpekarien ekipamendua eta kaiko garbiketa zerbitzurako eta obretarako erabiltzen ziren tresnak gordetzeko erabili zen.

Herrilanetako Ordezkaritzan lanean ari zen gidari baten bizileku gisa eta autoak matrikulatzeko bulego moduan ere erabilia izan zen. Rafael Agirreren arabera, dorretxea hirurogeita hamarreko hamarkadara arte erabili zen kaiko langile buruaren bizileku moduan. Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zen ondoren, eta, azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean.

Kontsulatuko dorretxearen arkitektura xumea bada ere, hiriaren iraganean itsasoari lotutako gertaera erakargarriak ekartzen dizkigu gogora. Caracasko Konpainiaren azken urteen eta Filipinetako Konpainiaren sorreraren lekuko isila izan da. Kaietan zehar kakao, tabako eta kanelaren usaina hedatzen zen garaiak ziren, eta portura ematen zuten leihoetatik masta eskandinaviar, holandar, frantses, ingeles, kantabro eta bizkaitarrak nagusitzen ziren. Haren inguruan, Kuba edo Venezuela aldera joateko, itsasoratu behar zuten marinel donostiarrak lanean aritzen ziren. Kontsulatuaren lema zaharra, seguruena, oihartzun eran errepikatuko zen haien memorian:

Munduaren inguruan bira egiten dut
eta nire izerdiaz ureztaturik
lurra ernatzen dut
trebezia eta ausardia baititut

Dorretxearen behatokitik harriduraz ikusi ahal izan zen, teknologia ausarta erabiliz belaontzien gainbehera iragartzen zuten lehenengo baporeen lehorreratzea. Portuko lanak zaindu ditu bi mende eta erdietan zehar, eta talaia horretatik arrantzale familia asko eta askoren ahaleginak ikusi dira, eta baita olgeta nabigazioaren hasiera aristokratikoa ere.

Rampa de varada del puerto de San Sebastián (1857-1873). Gouache de Didier Petit de Meurville, Colección Javier Satrústegui

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2006 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net