gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2010ko uztailak 31, larunbata

“DONOSTIA, ITSAS HIRIA” ERAKUSKETA BERRIA

Exposición. San Sebastián, ciudad marítima

  • Erakusketan erromatarren garaitik gaur egun arteko ibilbide bat egingo da Donostiako itsas historian barrena.

    Moilen neurri txikiak ikusirik zail egiten da Erdi Aroaz geroztik XIX. mendea arte Donostian garatu zen itsas jarduera garrantzitsua imajinatzea. Izan ere, ikuspegi honetan ahantzi egiten dugu Donostiako portu espazioak bilbe bat osatzen zuela, eta bertan txertatuta zeudela badia, Santa Katalinako portua (Urumearen bokalean) eta Pasaia bera ere. XIX. mendearen hasiera arte, Pasaiako badiako portuko mugimendua Donostiaren kontrolpean egon zen, eta Pasai San Pedro ingurua hiriburuaren udalbarrutian sartuta gainera.

    Partekatutako interesez eta gatazkez osatutako eszenatoki honetan itsasoari lotutako ekonomiaren gune bat finkatu zen, eta hainbat unetan garrantzi handia izan zuen Europa mailan. Eta eszenatoki horretan itsasoari lotutako lanbide sorta zabala garatuko zen. Itsas garraio eta merkataritza, alturako eta baxurako arrantza, baleak harrapatzea, ontzigintza, itsasoko gerrak eta kortsarioen jarduera izan ziren, hainbat mendetan zehar, Donostiako biztanle gehienen bizimodua. Banakako zein kolektibo gisako ahalegin horien baturak osatu du, bere argi eta itzal guztiez, hiriaren muin historikoa.

    XIX. mendearen amaieran hiriak sendotu egingo zuen bere alderdi turistikoa, itsasoarekiko eta merkataritzarekiko lotura tradizionala baztertuz bide batez. Arrantza suspertu egingo zen, ordea, baporea iritsi zenean eta, zailtasunez bada ere, mantendu egingo zen XX. mendean zehar. Gaur egun arrantza jarduerak aurrera segitzen du, duintasunez, ziurgabetasuna nagusi den etorkizunari begira.

    Erakusketak zabalkunde eta pedagogiaren bidea jorratuko du, balio historiko edota artistiko handiko materialak hartuz abiapuntutzat, hala nola: urpeko eta lehorreko arkeologiak berreskuratutako piezak, Erdi Aroko eta Aro Modernoko hainbat objektu, pinturak, grabatuak, kartelak, argazkiak, eskulturak, mapak, planoak, liburuak, eskuizkribuak, nabigaziorako tresnak, maketak, etab. Material horietako asko eta askoren kasuan, jendaurrean ageri diren lehen aldia izango da. Batzuk pieza ezezagunak dira, Museoak urteetan zehar aurkituak.

    Museoko fondoez gain, bilduma partikularretako eta beste zentro batzuetako materialak ere ikusgai egongo dira. Aipatu zentro horien artean ditugu El Escorial Monasterioa, Agiritegi Historiko Nazionala, Historiaren Errege Akademia, Simancasko Agiritegi Orokorra, Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Donostiako Udal Agiritegia, San Telmo Museoa, Eusko Jaurlaritza, Biblioteka Nazionala, Koldo Mitxelena Liburutegia, Kutxa Fundazioa, Museo Marítimo del Cantábrico delakoa, Hondarribiko Udala, Arantzazuko Santutegia eta Debako Santa Maria Eliza.

    Jendeak informazio gehiago jaso ahal izan dezan, gaur-gaurko teknologiak erabiliko dira erakusketan, informazio gehiago eskainiko duten bederatzi ikus-entzunezko eta beste hainbat audiogida eskainiz.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2006 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net